Orokorrean hautaketa prozesuak nahiko gogaikarriak izaten dira hautagaientzat. Ohiko urduritasunari, hautagaiak eroso ez egotea bilatzen duten teknikak erabiltzea geroz eta ohikoagoa da. Hau lortzeko, elkarrizketatzaileak galdera arraroak egin edo tentsio handiko egoerak eragiten saiatzen dira askotan. Dagoeneko oso ezagunak diren galdera tipikoez gain: zein da zure bertuterik onena? zein da zure ahulezia handiena? (denek berdina erantzuten dute), geroz eta ohikoagoa da beste galdera desegokiagoak egitea ere.

Enpresa teknologikoetan maiz, hautagaiak arbela baten aurrean jartzen dituzte froga tekniko batzuk ebatzi ditzaten. Zenbat eta enpresa handiagoa eta modernoagoa izan, orduan eta aukera gehiago daude mota horietako frogak egiteko. Hautagaiek egin beharreko ariketen artean, ohikoa izaten da ordenazio algoritmoak kudeatzea adibidez. Joera hau Bill Gates-ek Microsoft-en hasi zuen berak buru-hausgarriak maite zituelako.

Egian esan, ez dut uste nik mota horietako frogak gainditzeko gai izango nintzatekenik. Gaur egun, gauza ugari bilatzen ditut Google eta Stackoverflow-en, buruz gogoratzeko gai ez naizelako; adibidez, string batetik hutsuneak nola kendu programazio lengoaia jakin bat erabilita. Horrek programatzaile txar bat naizela esan nahi du? Ez du zertan horrela izan beharrik…

ARIMAn ez ditugu konpilatzaile lanak egiteko gai diren hautagaiak bilatzen. Gure ustez, hori ez da hautagaiak baloratzeko modu errealista bat. Gaur egun, baditugu gauza horietaz arduratzen diren tresnak eta internet-i esker, edozein gauza bilatzeko gaitasuna dugu. Guri, kode zati bati buruz eztabaidatzea da gustatzen zaiguna. Kodea ez du zertan konplexua izan beharrik: hautagaiak aurretik egindako proiekturen bat izan daiteke, etxean eta inongo presa edo presiorik gabe egiteko guk bidalitako ariketatxoren bat, etab. Ariketaren bat egitea bidaltzen dugunean, beti izaten da egitekoa erraza den zerbait, adibidez, hautagaiak ezagutzen duen lengoaia batean kudeatu beharreko CRUD bat. Ariketaren emaitza baino, ariketa hauek bidean hartutako erabakien arrazoiak ulertu eta eztabaidatzeko aitzakiak baino ez dira. Modu horretan, hautagaiak kudeaketa lanak aurrera eramateko jarraitzen duen prozesuari buruzko informazio asko lortzen dugu.

Alde pertsonalari dagokionez, hautagaien interesak ezagutzea gustatzen zaigu, ze hobby dituzten, zergaitik erabaki zuten software garapenean lana egitea, etab. Ez dago galdera tranparik, hautagaia ezagutu baino ez dugu nahi.

Gure ustez, hautatze prozesuak modu honetan eginda, hautagaiak askoz ere erosoago sentitzea lortzen dugu eta horri esker, hautagaien benetako izaera ezagutzea askoz ere errazagoa dela uste dugu. Azken finean, egoera desegonkorrak behartzea edo hautagaiak presiopean jartzea ez dirudi modurik onena epe luzeko lan erlazio bat hasteko.

ARIMAn beti gaude prest hobetzen lagunduko gaituzten pertsonak ezagutzeko. Zuri ere gu ezagutzea gustatuko balitzaizu, bidali iezaguzu email bat arima@arima.eu posta elektronikora. Hitz egin iezaguzu zure buruari buruz eta mesedez, ez erabili aurkezpen gutun txantiloi hotz eta formal horietakoren bat.