Pandemiaren amaiera urruneko lanaren amaiera izango al da?
2013an ARIMA sortu genuenean, urruneko lana ahalbidetuko zuen enpresa bat izango ginela argi genuen. Funtsean, erabaki hau guztiz berekoia izan zen, urrunetik lan egin ahal izateak, guri erraztazunak ematen bait zizkigun gure lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko.
Ekuazioa oso sinplea da: gure bizitza antolatzeko etxean lan egiteak ematen digun malgutasunaz gain, denbora asko aurrezten dugu joan-etorrietan eta, hortaz, denbora gehiago dugu kirola egin, familia edo lagunekin debora gehiago pasatzeko, etab. Nire kasuan, bulegotik oso gertu bizi naiz. Google Maps-en arabera, bulegora 5,3 kilometroko distantzia eta 9 minutuko ibilbidea dut autoz trafikoaren egoera normala denean. Praktikan, 10 minutu horiek erraz bikoizten dira; izan ere, etxetik irten, autoaren bila jaitsi, garajetik irten, aparkatzeko lekua bilatu eta bulegoraino oinez joateko behar den denbora gehitu behar zaio. Joan-etorrian auto-ilararen bat edo istripuren bat topatuz gero, goiz edo arratsalde erdia erraz galtzen duzu.
Egunero joan-etorrietan 40 minutu pasako nituzke, pixka bat urrunago biziko banintz ordubete izango litzateke. Egia esan, gaur egun daramagun bizi-erritmoarekin, ordubete urrea da, eta nik behintzat nahiago dut denbora hori autoa edo garraio publikoa ez den beste edozertan inbertitzea.
2013an gure politika deigarria zen eta askok ez zuten ulertzen. Beste CEOekin bat egiten nuen ekitaldi gehienetan, ohikoa izaten zen mota honetako komentarioak entzutea: “horrelako zerbait nire enpresan aplikatzea ezinezkoa da, jendea egunero ikusi behar dut”. Gehien egiten zidaten galdera ondokoa izaten zen: “Nola kontrolatzen duzue jendea lanean ari dela eta ez dagoela telebista ikusten edo bideo-jokoetan jolasten?”. Bezero batzuentzat ere, zaila zen lan egiteko modu hori ulertzea, ohituta baitzeuden hornitzaileak lanera beren bulegoetara joatea.
Azkenaldian, duela pare bat urte argitaratu nuen tweet bat etorri zait burura. Egun hartan bulegoan bakarrik nengoen beste egun askotan bezala:
It's been 6 years since we started @wearearima and this is what our office usually looks like. No, people are not on holiday, they're just working from home and that's perfectly fine. I guess that @dhh wouldn't approve our open-office layout 😅. pic.twitter.com/zPdawPEAqV
— Aritz Berasarte (@Raskasso) July 12, 2019
Egia esan, beti pentsatu izan dut zurekin lan egiten duen jendearengan konfiantzarik ez baduzu, etxetik lanean aritzea zure arazorik txikiena izango dela. Berriro ere, gauzak egiteko modu hau guztiz berekoia da: nire denbora mila gauzatan inbertitzea nahiago dut, jendea benetan lanean ari den edo beste edozer gauza egiten ari den kontrolatu baino. Orain arte, ez dugu inoiz arazorik izan honekin.
Utopia zirudien lan egiteko modu hau, enpresa askorentzat eguneroko bihurtu zen gauetik goizera. Pandemiak dena suntsitu zuen eta enpresa asko urruneko lana ezartzera behartuak izan ziren. Hilabete hauetan, telelana geratzeko etorri dela behin eta berriro entzun dugu eta Facebook bezalako enpresa batzuk, pandemia amaitu ondoren langileei etxetik lan egiteko aukera emango diela iragarri zuten.
Hala ere, pixkanaka “normaltasunera” itzultzen ari garen heinean, enpresa handi batzuk, hala nola telefono-operadoreak, bulegora itzultzen hasi dira. Google eta Apple bezalako enpresa teknologiko handi batzuk ere, bulegora itzultzeko ezarriko duten irizpidea iragartzen ari dira. Google-en kasuan, urruneko lana egiteko aukera emango dutela esan dute baina horretarako eskaera formal bat egin beharko da eta ez dago oso argi zer baldintza bete behar diren eskaera onartzeko. Bestalde, Apple-ek irailetik aurrera langileak gutxienez astean hirutan bulegora joan beharko dutela iragarri du.
Azkenaldian, telelana zalantzan jartzen duten zenbait kanpaina egiten hasi direla iruditzen zait. Azken finean, enpresa askorentzat larrialdi-neurri bat izan da eta ohitura batzuk oso zailak dira pandemia batek ere aldatu ahal izatea. Dena dela, datozen hilabetetan ikusten hasiko gara ia telelana benetan geratzeko etorri den ala pandemiarekin batera desagertuko den. Guk argi daukagun gauza bakarra ondokoa da: ARIMAn 2013. urtetik aplikatzen ari garen politika berdinarekin jarraituko dugu.